miércoles, 4 de septiembre de 2024

Nafarroako Eguzki arrano iberiarrak (Aquila adalberti) 2024ko abuztua

Urte sasoi hau Nafarroako erriberan harrapariak ikusteko garai ezin hobea dela jakitun, pasa den astean Juantxo Unzuetarekin batera egun pasa joan ginen bertara. Gainera egun batzuk lehenago Emilio Salvatierrak eta Alfonso Senosiainek Eguzki arrano iberiar (Aquila adalberti) bat ikusteko aukera izan zuten inguruan eta aukera ezin hobea zela bertara joateko ikusi genuen. 

Tamaina haundiko hegaztia izanik, hegan egitean, haize korronteak aprobetxatuz altura haundia hartzen dute eta ondorioz edozein lekutatik erraz ikusteko aukera eskaintzen dute.

Gure kasuan, suerteko izan ginen eta ale baten ordez bi ikusi genituen. Itxura guzien arabehera bikote bat izango da, bata haundiagoa eta seguruena emea izango dena eta bestea txikiagoa eta arra izango litzatekeena. Lehen aldia izango litzateke Nafarroan, hegaztizale guziontzat hain enblematikoa den Eguzki arrano iberiarraren bikote bat errejistratzen dela. 

Gure artean harruntagoa den Arrano beltzarekin alderatuz, Eguzki arranoak sorbaldak zurixkak ditu eta buruaren garondoa eta alboak zurbilagoak ditu.

Arrano beltzarekin konparaketa bat egite aldera, Arrano beltzek (Aquila chrysaetos) ez dute izaten sorbalda aurrekaldean zuritazun hori. Arrano beltzak  harruntagoak dira Nafarroa aldean, ez hainbeste kantauri ixuri aldeko mendietan.

Eguzki arrano iberiarra munduan zehar Penintsula iberiarrean bakarrik aurkitzen den espeziea da eta bere populazio nagusia batez ere hiru lurraldetan banatzen da. Doñanakoa, Toledoko mendietakoa eta Extremadura aldekoa da. Hau horrela izanik, orain Nafarroa hegoaldera etortzeak, espeziearen sakabanaketa eremua zabaltzen ariko dela nahiko luke adierazi.

Eguzki arrano iberiarraren bizi iraupena untxiarekin oso lotua dago eta gaur egun Nafarroako erriberara untxiez betea aurkitzen denez, lehenago edo beranduago Eguzki arrano iberiarra bertara iritxi behar zuela ikusten zen. Suerte pixka batekin ea bikote hau bertara itsasten den eta txitak aurrera ateratzen dituen. Denbora izango da testigu!

Beste untxi bat. Eguzki arrano iberiarraren elikadura naguasia.

Eguzki arrano iberiarraren lumajea hainbat adin motatatik igarotzen da, urteak aurrera egin ahala lumajea gehiago ilunduz, bere bizitzako zein urtarotan  dagoen zehazteko erabiltzen da lumajearen kolorea. Bigarren eta laugarren urteen arteko lumajea da konplexuena, lumaje argi ilunak nahasian dituen urtaroak direlako. Goiko argazkikoa da horren lekuko, heldua izatean gorputzean dituen lumaje argi horiek ilundu egingo zaizkio guztiz.

Helduek 5 edo 6 urtetik aurrera hartzen dute behin betiko lumaje ilunagoa eta burua zein lepoaren zati handi bat izan ezik gorputzaren beste atalak oso itxura ilunekoak izaten ditu. Lepoa zein buruko atal horiek kolore arre-horixka izaten dute, ez heldua baino are zabalagoa eta biziagoa. Sorbaldaren aurrekaldea oso zuria dute, Arrano beltzarekin bereizteko ezaugarrietako bat da zuritazun hau.

Aurretik begiratuta hegoaren aurrekaldea oso txuria ikusten zaie

Eguzki arrano iberiarra hegan pasatzen den inguruetatik beste harrapari txikiagoak bere pasora irtetzen dira, zeren beraien etsai zuzena ikusten dute eta amorru biziz bera uxatzera irtetzen dira. Goiko argazkian bera uxatzera irten dena Zingira mirotz (Circus aeruginosus) eme bat da. Tamaiñu aldetik bi harraparien artean dagoen  konparaketa nabarmena da. Eguzki arrano iberiarrak hegaldi ikusgarria du, bere haunditasunak ematen dio ikusgarritasun hori. goiko argazkikoa da horren lekuko. 

Eguzki arrano iberiarrak kabiak egiteko zuhaitz haundiak erabili izan ohi dituzte.

Helduaren koloreak ilunagoak dira, bainan beti ere sorbaldaren aurrekaldeko zuritazun horrekin. 5 urte ingurutik aurrera hasten da askoz lumaje ilun homogeneoagoa izaten. 

Nafarroako Eguzki arrano iberiarrak (Aquila adalberti) 2024ko abuztua

Urte sasoi hau Nafarroako erriberan harrapariak ikusteko garai ezin hobea dela jakitun, pasa den astean Juantxo Unzuetarekin batera egun pas...