lunes, 13 de octubre de 2025

LA MESA (425M) NAFARROAKO ERRIBERA(2025 apirila-abuztua)

Nekazaritza industrialetik at, bizia loratzen den lurra;

Apirila eta abuztu artean ingurune zoragarri honetan egindako hiru txangoren kronikatxoa duzue hau. Denera kilometro mordoa egin genituen oinez, baina ingurune oso hauskorra da: arrisku bizian dauden hegazti bereziak bizi dira bertan, eta ondorioz, puntu erreferentzial moduan La Mesa mendia jarri dut bakarrik. Ablitas herrixka, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan kokatua, ingurune lehor eta zabala da, ohiko Kantauri isurialdeko baso hezeetatik urrun. Hala ere, lehen begiratuan basamortu itxura duen paisaia honek biodibertsitate harrigarria gordetzen du, eta horrek bihurtzen du benetan interesgarri. La Mesa ingurua ZEC izendatua da, eta Peñadil, Montecillo eta Monterrey Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan daude. Bide batez, Europako Natura 2000 sarearen figura juridikoan sartzen da. Izendapen hauek ingurumenaren kontserbaziorako garrantzi berezia duten eremuak izendatzeko erabiltzen dira, habitat naturalak eta espezie mehatxatuak babesteko helburuz.

Moxolo arrunta (Athene noctua)
Goizeko lehen ordutan harri multzo eta txabola abandonatu gainetan, bere begi horixka handi eta zorrotzekin nabarmen agertzen ziren Moxoloak.
Ibilbideetan zehar, hegazti espezie ugari ikusi genituen: sai beltza, arrano beltza, Dupont hegatxabala (alondra de Dupong), azpizuria (ganga), aztoreak… eta berarekin batera untxiak, azeriak eta beste hainbat hegazti eta landare berezi. Inguruneak, bere xumetasunean, bizitza ugari eta anitza hartzen du, eta horrek txangoei balio berezia eman zien. La Mesa inguruko lurrek, nekazaritza industrialetik at daudenek, altxor bat osatzen dute hegazti esteparioentzat. Gure ohiko baso hezeetan aurkitu ohi ez diren espezieak hemen ageri dira, eta horrek erakusten du biodibertsitatearen aberastasuna ez dela soilik baso trinkoetan neurtzen. Ingurune horrek, berezitasun ekologikoak direla eta, kontserbazioaren ikuspegitik balio handia du, eta horrek are interesgarriago bihurtu zituen gure txangoak.

La mesa gailurra

Txango hauek erakutsi digute gure inguruko paisaia lehorrek ere bizia eta historia gordetzen dutela. La Mesa mendia, Ablitasen, ez da soilik helmuga bat: natura eta memoria uztartzen diren lekua da. Hegazti esteparioak, landaredi berezia eta erromatarren aztarnak elkarrekin bizi dira hemen. Ingurune hauskorra da, eta horregatik, bisitatzen dugunean, begirunez eta arduraz ibiltzea da gure ekarpenik onena.

La mesa mendia, Ablitas herrixkatik begiratuta

Kuku mottoduna (Clamator glandarius) hegazti berezi eta ikusgarria da, La Mesa inguruan behatu daitekeen espezie interesgarrienetako bat. Kukuen familiakoa, baina handiagoa eta motadun lumaje bereizgarriarekin. Udan Euskal Herrian ageri den hegazti migratzailea da, eta negua Afrikan igarotzen du. Bere ezaugarririk bereziena ugalketa estrategia parasitarioa da: Korbidoen eta batez ere mika bezalako hegaztien kabietan erruten du arrautza, eta haiek hazten dute txita. Kuku arruntak ez bezala, ez ditu beste arrautzak kabitik botatzen, baina bere kumeak janari lehian nagusitzen dira. 

Arrano beltza (Aquila chrysaetos): Mendi eta lautadetako harrapari ikonikoa, La Mesako gailurretan hegaka ikustea benetako ikuskizuna da.
La Mesa inguruan ugari diren untxiak (Oryctolagus cuniculus) ekosistemaren oinarri trofiko garrantzitsua dira. 
Aztorea (Accipiter gentilis) untxi bat bere atzaparretan duela

Untxien presentziak harrapari ugari erakartzen ditu, hala nola, arrano beltza, aztorea, arrano txikia edo azeriak besteak beste. Untxiak ez dira soilik elikagai: ekosistemaren oreka mantentzen laguntzen dute, eta haien populazioak gora edo behera egiteak ondorio zuzenak ditu harraparien ugalketan eta banaketan.
Gainera, lur lehor eta ireki horietan, untxiak habia-zuloak egiten dituzte, eta horrek beste espezie batzuei ere babesleku eskaintzen die. Horregatik, La Mesa inguruko paisaia ez da soilik hegaztientzat garrantzitsua: ugaztun txikien eta harraparien arteko elkarrekintza aberatsa gertatzen da bertan.
Aztore (Accipiter gentilis) gaztea
Aztorea, harrapari ertaina da, zuhaitz artean hegan egiteko gaitasun handia duena. Bere hegoak laburrak eta isatsa luzea dira, eta horrek maniobrak egiteko trebetasun handia ematen dio. 
Sai beltza (Aegypius monachus): Europako sai handienetakoa, hegaldi zabal eta isilarekin. Bere presentzia geroz eta oikoago bihurtzen ari da Nafarroako erriberan.
Sai arrea (Gyps fulvus) ohikoagoa da gure mendietan, baina sai beltza noizean behin behatu daiteke Nafarroa hegoaldean. Sai arrea baino bakartiagoa da, baina kolonia txikiak osatzen ditu habitat egokietan eta zuhaitzetan ere kumatzen du sai arreak ez bezala.
Sai arre (Gyps fulvus) zeuden pausatuta La Mesa mendian. Ez dira ehiztariak, baizik eta garbitzaile ekologikoak, hildako animalien haragia jaten dutenak, eta horrela ekosistemaren oreka mantentzen laguntzen dutenak. Inguruan hilda zeuden animali batzuen jiran zebiltzan.
Dupont hegatxabala (Chersophilus duponti): Euskal Herrian oso arraroa, eta habitat lehor eta irekiak behar ditu. Mehatxatutako espeziea da, eta Nafarroa erriberako lurrek bere biziraupenerako babes gune garrantzitsua osatzen dute.
Ezkaia (Tomillo) edo ezkai-sastrakadiak ditu gogoko,  normalean lur lehor eta kareharritsuetan hazten direnak. Thymus vulgaris, Limonium edo antzeko espezieak nagusi direnak.
Nafarroan, Dupont hegatxabala (Chersophilus duponti) bere populazioa oso mugatua eta zaurgarria da: 245 eta 560 ale artean estimatzen da. Habitat bereziak behar ditu: 20–40 cm arteko altuera duten sastrakadiak, nekazaritza intentsiborik gabeak. 
Limonium...
Dupont hegatxabala (Chersophilus duponti)
Otea (adibidez Genista scorpius) bezalako landareez osatutako sastrakadiak ere gogoko ditu. Lur idor eta harritsuetan hazten dira, eta hegazti esteparioentzat habitat egokia dira.
Azpizuria (Pterocles alchata): Ganga espeziea, kolore ederreko hegaztia eta oso egokitua lur idorretara. Bere presentzia habitataren kalitatearen adierazle da.
Azpizuria (Pterocles alchata) Euskal Herrian oso espezie arraroa da, baina Nafarroako hegoaldean populazio txiki bat mantentzen da. Euskal Herrian oso behaketa gutxi daude, batez ere hegoaldeko eremu lehorretan. Ez da populazio egonkorra ezagutzen. Batez ere Ebro ibaiaren haranean, bereziki Ablitas, Corella eta Cadreita inguruan. Hegoaldeko lautadetan, zereal labore tradizionalak eta eremu erdi-lehorrak mantentzen diren tokietan bizi da. Bere kontserbazio egoera kezkagarria da, eta habitataren zaintza funtsezkoa da.
Nafarroako erriberan dauden gune batzuk nekazaritza intentsiborik gabeko paisaia irekiak mantentzen dituzte oraindik, eta horrek egiten du azpizuriaren biziraupenerako funtsezko gune. Bertan, espezie hau behatzea kontserbazioaren bidean "Barbecho"ek duten garrantzia adieraziko lukete. Hau da, lursail landugabea edo lursail utzia. Nekazaritzan erabiltzen den kontzeptu bat da, eta ingurumenaren ikuspegitik oso garrantzitsua.
La Mesa inguruko paisaia lehor eta zabala, untxi ugariz betea, azeriarentzat Vulpes vulpes leku ezin hobea suertatzen da. 

Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), hegazti migratzaile txikia da, eta aurten Euskal herian bereziki asko ikustea suertatu zait.

Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra)

Kutturlio arrunta (Galerida cristataoso hegazti ohikoa da Nafarroako eta Euskal Herriko eremu lehor eta ireki askotan, eta La Mesa inguruan behin eta berriz ikus daiteke.
La mesa inguruan dagoen beste mendixka bat
Calliptamus italicus
Lur idor eta harritsu horretan, bizitza ezkutuan loratzen zen. Mantxinsaltoak, intsektuak, landarez… beteta zegoen. Begiek begiratu ahala, agertzen ziren bizidun txikiak, isil-isilik, baina etengabe mugimenduan.
Berberomeloe majalis: Intsektu toxikoa da eta bere itxurarengatik harrigarria iruditu zitzaigun. Eremu lehorretan oso ohikoa omen da,  Ablitas inguruan behin eta berriz ikus daiteke.
Ibilbidean zehar ikusi genituen horma hauek berebiziko garrantzia dutehegazti espezie askorentzat, bere hormetako zuloek babes berezia ematen diote.

Ihi txoria (Cisticola juncidis)
Ihi txoria (Cisticola juncidis) hegazti txiki eta bizkorra da, bere kantua eta hegaldia oso bereizgarriak dira, eta La mesa inguruan dexente ikusi genituen.

Eltze txinboa (Sylvia undata) txinbo txiki eta iheskorra da, bere begi-inguruko eraztun gorriak eta buztan luze altxatuak bereizgarriak dira. 

Erriberako pista eta soro zaharretan, argioilarra (Upupa epops) ohiko hegaztia da, bere gandorra zabalduta eta hegaldi irregularrekin nun nahi ikusten dira.‘up-up-up’ kantua ere, paisaiaren isiltasunean ederki entzuten da.
Antzandobi haundia (Lanius meridionalisEuskal Herrian: Mediterraneo isurialdean bizi da, beste antzandobi espezie migratzaileak ez bezala, hau sedentarioa da.

Kalandria (Melanocorypha calandra) hegazti estepario ohikoa da, Nafarroako Erriberako paisaia lehor eta zabaletan bizi dena. Kantua indartsua eta imitatzailea du, eta bere presentzia ekosistema mediterraneoaren adierazle argia da.
Lertxun gorria (Ardea purpurea) hegazti urtarraren artean dotoreenetakoa da, eta Nafarroako Erriberako hezeguneetan behatu daiteke udaberritik udazkenera. Bere lumaje arrexka-gorrixka eta lepo luze malgua paisaiaren artean ederki kamuflatzen dira.

Landa txirta (Anthus campestris) hegazti estepario diskretua da, Nafarroako Erriberako paisaia lehorretan ohikoa, eta La Mesa inguruan banaka batzuk ikusi genituen. Bere kolore apalak eta portaera isilak kamuflaje bikaina eskaintzen diote.

Txoriandre arrunta (Calandrella brachydactyla) Ibilbide gehienean, batez ere larre lehor eta soro zabaletan dexente ikusi genituen
Ibilbideko pistetan eta soro zaharretan, korrikaldiak eta geldialdi laburrak eginez eper gorri (Alectoris rufa) dexente gurutzatu zitzaizkigun. Moko eta hanka gorri distiratsuak erakutsiz, eperren kantu  adierazgarriak eginez inguruko isiltasuna hausten zutelarik 
Eper gorri (Alectoris rufa)
Eper gorri (Alectoris rufa)
Kardantxuloa (Carduelis carduelis)
Ur putzu txikien garrantzia ekosistema lehorretan oso haundia da. Hazi-jaleek, hala nola kardantxuloek eta txoka arruntek, ura behar izaten dute egunero. Inguru lehorretan, ura ez da beti eskuragarri, eta putzu txikiak hidratazio puntu bakar bihurtzen dira. Hori dela eta behaketa asko errazten dute: hegaztiak norberarengana asko gerturatuz. 
Txoka arrunta (Carduelis cannabina)
Txio horia (Phylloscopus trochilus) ez da ugaltzen gurean, baina migrazio garaian ohikoa da hemen ikustea. La Mesa inguruan asko ikusi genituen. Kantu leun eta musikal jarraitua, “tsii-tsii-tsii-tsii…” modukoa egiten du, Txio arruntarekin, edo iberiarrarekin bereizteko beraien kantuak ikastea asko laguntzen du. Migrazio garaian energia metatzeko elikadura ugari behar du eta hostoen artean eten gabe mugitzen da intsektu bila.

Usapal Europearrak (Streptopelia turtur) Europan azken aldian jetxiera haundia izan du eta ingurune hontan hainbeste ikusteak asko postu gindun. Batez ere zerealak eta landare basatien haziak jaten ditu eta ingurune hau ezin hobea suertatzen zaie horretarako.
Zapelaitza (Buteo buteo) Euskal Herriko harrapari arruntena da, eta La Mesa inguruko paisaia zabaletan behatu daiteke sarri. Bere hegaldi zirkularrak paisaiaren parte bihurtzen dira.
La Mesa inguruko ur putzu txikitan, eguzkitan pausatuta, libelula gorri bizi hauetako bat baino gehiago agertu ziren. Bere hegaldia bizkorra eta gorputz gorri distiratsua paisai lehorrean asko nabarmentzen ziren.
Ibilbidean zehar pistaren ertzetako zuhaixketan, Erletxori (Merops apiaster) ugari pausatzen ziren bere kolore bizi distiratzuekin. Hegan harrapatzen zituzten zomorroak, eta haien ‘priip-priip’ oihu leuna paisaiaren parte bihurtzen zen. Benetan hegazti ikusgarria da.
Ibilbideko horma lehorrak ederki aprobetxatzen zituzten Belatxinga mokogorriek (Pyrrhocorax pyrrhocorax) beraien koloniak osatzeko.
Belatxinga mokogorriek (Pyrrhocorax pyrrhocorax) haitzarteetako zulo zaharretan, talde handitan zebiltzan, garrasi eta hegaldi akrobatikoak eginez.
Mirotz urdin (Circus pygargus)arra bere hegal gris distiratsuakin agertu zitzaigun La Mesa inguruko lautadan. Bere hegaldia lurretik hurbil, isil eta zehatza, harrapakina bilatzen. Estepetako hegazti harrapari tipikoenetakoa da.
Zereal-laboreen artean, pirripioaren (Lullula arborea) kantua behin eta berriz entzun genuen. Ez da hegazti arrunta: melodia berezia du, trino musikal eta bereizgarria, goizaldeko isiltasuna hausten duen horietakoa da. Txirta kantaria, bere izen zientifikoak ere hegazti kantari baten izaera islatzen du.
Miru gorria (Milvus milvus) La Mesa inguruan ugari ikusten da bereziki zereal-laboreen eta baso txikien arteko mosaikoan.
Bere presentzia ez da oharkabean pasatzen: hegaldia dotorea du, buztan hirukiarekin, eta begirada zorrotza.Sarritan ikus daiteke hegaka, termikak aprobetxatuz, edo zereal-laboreen gainetik hegaka, janari bila. Batzuetan, lurrean pausatzen da, edo zuhaitz bakarti batean. Europan mehatxatua dago, baina zenbait tokitan berreskuratzen ari da. Hala ere, pestizidak, elektrizitate-kableak edo haize orratz industrialak oraindik arrisku bizia dira berarentzat.
Pagausoei (Columba palumbus)  La Mesako inguruko garagar eta gari eremuak elikagai ugari eskaintzen diete.
Ezkai txinboa (Sylvia conspicillataIberiar penintsulako hegoaldean ohikoagoa den arren, Nafarroako hegoaldean ikusteak ilusio haundia egin zidan.

Txangoetako baten amaieran, La Mesako gailurrera iritsi aurretik, Ablitas inguruko altxor historiko bat igaro genuen: Calzada Romana. Erromatar Inperioaren garaian Via de Italia in Hispanias izeneko bide estrategikoa zen, Tarraco eta Asturica Augusta lotzen zituena. 
Gaur egun, 10 kilometroko zatia mantentzen da, eta panel informatiboek laguntzen dute bidearen historia ulertzen. Harritzekoa da nola basamortu itxurako paisaia honetan, erromatarrek komunikazio sare sendoa eraiki zuten, Ebro haraneko merkataritza eta defentsa estrategiarako. Gaur egun, bide horretan zehar ibiltzea denboran atzera egitea bezalakoa da, eta txangoari dimentsio kultural eta historiko bat gehitzen dio.
La Mesa gailurrean ateratako beste argazki bat

La Mesa mendiaren hegoaldeko aurpegia

No hay comentarios:

Publicar un comentario

LA MESA (425M) NAFARROAKO ERRIBERA(2025 apirila-abuztua)

Nekazaritza industrialetik at, bizia loratzen den lurra; Apirila eta abuztu artean ingurune zoragarri honetan egindako hiru txangoren kronik...